Ikasgune Geologikoak Parke Naturalaren aberastasun geologikoa nahiz paleontologikoa ezagutzera ematen ditu modu didaktiko batean. Horrez gain, Euskal Herriko Geologiaren historia azaltzen du, azken 1.000 milioi urteetan zeharreko bidaia zoragarri baten ildoan.
Ikasgunearen bi aretoak gaika banatuta daude. Euskal Herriko Geologiaren Historia duzu horietako bat; bertan, euskal lurretako fosil behinenak dituzu ikusgai, eta azken 600 milioi urteetan bizi izan diren animalia eta landareei buruzko argibide zehatzak irakurri ahalko dituzu. Geruzetan gorderik iraun duten arrokak, mineralak eta fosilak ezagutuko dituzu, eta haien jatorrian, bizitzaren eboluzioan eta geu bizi gareneko ingurunearen bilakaeran sakonduko duzu.
Bigarren aretoa Oiartzun Haranaren Geologiari, Aiako Harria Parke Naturalari eta Oarsoaldea eskualdeari eskainita dago. Horma-irudiei jarraiki, gurean jazo diren gertaera garrantzitsuak aurkituko dituzu; esate baterako, nola sortu zen Aiako Harriko batolitoa, Euskal herrian dagoen granitozko egitura bakarra, alegia. Gipuzkoako bizidun zaharrenen berri izango duzu, eta eskualdean ageri diren aro geologiko guztietako fosil bereizgarriak ikusiko.
Azken 2.000 urteetan Aiako Harriaren inguruan ustiatu diren metal-zainak nola eratu ziren ere jakingo duzu. Zenbait arroka eta mineral aztertu eta itsasoaren sakonetik gure inguruko mendiak azalera ekarri zituzten higiduren gorabeherak ulertuko dituzu.